martes, 7 de septiembre de 2010

Ongi etorri ikasturte berriari!

Amaitu dira oporrak!
Amaitu dira iratzargailurik gabeko gauak.
Ikasturte berria hasi dugu. Iazko urtea Irungo Plaiaundi Institutuan nengoen. Aurten, ordea, Lezora bidali naute.
Lezoko Institutua tamainaz txikia, izaeraz euskaldunagoa.
Ea zer dakarren ikasturte berriak. Nire asmoa da ikasturtean egiten dugun lanaren berri zabaltzea blogaren bidez.
Ikasturtean zehar biziko ditugunak konpartitzen saiatuko gara ni eta nire ikasle (irakasle) berriak.
Animo!

viernes, 7 de mayo de 2010

Egiten ikasi

Lagun batek bidali dit e-mail bat. Link bat zuen mezuak. Mezuak zioen link horrek zekarrena interesgarria irudituko zitzaidala. Ireki dut web orria eta New-York-eko eskola baten inguruko informazioa aurkitu dut. 6-12 urte bitarteko haurrekin egiten dute lan. Jolasa, aurkikuntza bidezko irakaskuntza, ikerkuntza, esperientzia lantzea dira eskola honen ardatzak. Orain arte ezagutzen genuen eskola tradizionalaren kondukzio bidezko irakaskuntza baztertzen du.
Azken batean, "Egiten ikasi" filosofian oinarritzen da. Hau da, kontzeptuak ikasteko ez dira memorizatu behar baizik eta bizi, sentitu, egin behar dira. Baten batek esango du, hori bai MODERNOA!
Eskola tradizionalaren inguruan hausnarketa sakon bat behar da. Urte gehiegi daramatzagu metodologia zaharkituarekin.
Globalizazioaren alde ona da, egun internet bidezko informazio trukatze ahalmena. Munduaren beste aldean gertatzen denaren berri daukagu instant batean.
Kuriosoa da hala ere, New-York-eko eskola "iraultzaileak" planteatzen duena gure aiton amonek aspaldian aplikatzen zuten metodoaren errepikapena besterik ez da. Egiten ikasi. Eta gure aiton-amonek nola ikasten zuten ba? Egiten.
Beraz, ez da horren modernoa New- York-eko eskolak planteatzen duena. Ez da modernoa bainan beharrezkoa bai.
Informazio gehiago: http://www.q2l.org/

lunes, 26 de abril de 2010

Euskal mendiak.

Oso interesgarria da ondorengo web orria. Euskal mendi gailurrak biltzen ditu. Edozein astebukaeran plan eder bat egiteko balio du. http://www.euskal-herria.org/

viernes, 23 de abril de 2010

Esgrima.


Dartagnan eta 3 mosketeroak, Errol flin edo Burt Lancaster.

Fortuna kirol taldeko kidea den Igor Otaegi etorri zitzaigun bisitan aurreko astelehenean.

Esgrimaren inguruko azalpenak eman zizkigun. Esgrimaren hastapenak. Erleen eztia biltzeko moduko trajeak jantzita eta eskuan floretea genuela ekin genion borrokaldiari.

Aurkaria ezpatarekin ikutu behar da gerritik gora. Ikutu ezkero puntua zuretzako da.

Kirol olinpikoa da esgrima.

Ordubeteko pelikula eskeini zigun Igorrek. Borrokaldiz borrokaldi izerditan amaitu genuen ordua. Ez zen inor zauritu eta guztiak izan ginen pelikularen protagonista. Guztiak izan ginen, Dartagnan, Errol Flinn eta Burt Lancaster.

Mila esker Igor.

miércoles, 17 de marzo de 2010

Aiako Harriak.




Martxoko egun eguzkitsuak lagundutako irteera izan da gaurkoa. Goizeko 6.30tan ilun eta hotz. Aiako harriak lotan zeuden oraindik. Eguzkia bazetorrela zioen Ekialdeko argitasun txikiak. Mapak, brujulak, hamaiketakorako ogia, sagardoa, ura, tortilak,... Guztia hartu eta Erlaitz mendiaren magalean dagoen gunera urbildu naiz.
2 ordu nituen, gehienez ere, orientazio proba prestatzeko. Eguzkiaren lehen printzak ezin gozatu aritu naiz. Score eta Orientazio proba klasikoa prest utzi eta 8.30tan jeitsi naiz ikasleengana. Bertan, autobusa hartu eta berriro gora, Erlaitzera.
9tan heldu gara Erlaitzen gainean dagoen aparkalekura. Ikasleei eguneko oharrak transmititu ondoren, mendian barneratu gara. Aiako Harrietako planoa eta ipar-horratza eskutan harturik talde txikitan banatu gara. Talde bakoitzak planoan markaturiko leku konkretu batetara heldu behar zuen.
Ondoren, bi lehiaketak egin ditugu.
Azkenik ongi merezitako hamaiketakoa.
13.30tan autobusean berriro ere Plaiaundira.

miércoles, 24 de febrero de 2010

Horrela bai!




Kobazulo batetik irten beste batean sartzeko.
Goizeko 9tan irten ginen Plaiaunditik 18 ikasle eta 2 irakasle.
Autobusean sartu orduko ohartu nintzen ikasleek ez zekitela oso ongi nora gindoazen. Listorretako inguruan dauden Aitzbitarteko kobazuloak ezagutzeko beharrezkoak diren jantziak ez baizeramatzaten. Txandalak beharrean galtza bakeroak, aldatzeko jantzirik ez.
Irteera batean bi alde egoten dira. Lehena, prestatutakoa. Bigarrena, prestatu gabea, inprobisazioari bide, aukera ematen diona. Irteera honek asko izan zuen bigarrenetik. Inprobisazioa, orain zer egin ziur ez jakitea, gauzak ongi edo oker aterako ote diren ez kontrolatzea,... Halere kasu hauetan oso garrantzitsua da konfidantza. Esperientziak eta egoten jakiteak ematen duen esperientzia.
Alde prestatuan, kubazuloetara bisita sartuko dut. Ainara eta Jabi-ri esker, Felix Ugarte espeleologia elkarteko kideak, Aitzbitartek gordetzen dituen sekretu batzuk ezagutu genituen. Oso jatorrak iruditu zitzaizkidan. Oso ibilbide didaktikoa eta atsegina prestatu zuten.
Alde ez prestatuari dagokionez, kobatik atera ondokoa aipatuko dut. Azkarregi irten ginen eta ia ordu t´erdi genuen autobusa iritsi aurretik. Inprobisatu. Eta orain zer? Perurena aldera oinez joatea erabaki genuen, ondoren bertan hamaiketakoa egiteko. Bidean, Mugaritz jatetxean sartu ginen, munduko 4. jatetxeriki hoberena omen, eta bertan Andoni Adurizen idazkariarekin hizketan aritu. Jatetxea erre berri denez, nahiko aztoratuak dabiltza azken aldian. Animoak eman genizkien. Azkenean, autobusa uste baino lehenago iritsi eta hamaiketakoa egitera joan ginen Perurena aurretik dagoen jatetxe batera. Txorizoa, odolkia, kroketak eta nola ez, sagardoa. Sagardoa ondoegi sartu zela uste det. Bueno, ba horixe. Inprobisazioak ere behar du tartea irteeretan. Inprobisazioak, ez-usteari ateak zabaltzen dizkio.
Mila esker, Ainara, Jabi, Maite, autobus gidari, jatetxeko langile eta irteeran partehartu duzuen ikasle guztiei. Plazer bat izan da.

jueves, 11 de febrero de 2010

Irakasleak bete beharrekoak.

Onar dezagun behingoz! Oso irakasle txarrak gara. Zer da gure egitekoa? Guk ikasitako edukiak ikasleei transmititu eta kitto! Asko hitzegingo nuke gai honetaz. Halere, ondorengo dokumentua interesgarria iruditzen zait. Pedagogia berri baten beharrean gaude. Nolakoa ordea? Ondorengo dokumentuak zenbait irizpide ematen ditu. Ados edo ez, hori eztabaidagarria da. Bainan, hain juistu, hori da behar duguna, EZTABAIDA. Zenbat urte daramagu hezkuntza sistema berdina aplikatuz, eduki berberak, metodologia berberak, irakasle eta ikasle harreman klasikoak,... Egungo hezkuntza sisteman eboluziorik izan bada, hori ikasgai artistikoetan izan da. Musika, plastika, gorputz hezkuntza,... Paradoxikoa da, hala ere, administrazioak ikasgai hauei dagozkien ordu gutxiak ere murriztu nahi dituela. Kontra, ikasgai klasikoek, matematikak eta hizkuntzak, administrazioaren begiratu ona jaso eta ordu gehiago behar dituztela ondorioztatu du.