
Begiek, eskuek, aurpegiko koloreek,... bizitza propioa dute. Inkonszientziaren bizitza. Egiaren, gure barruko egiaren ispilu dira. Hitzek engainatu ahal gaituzte, bainan begiek, eskuek, aurpegiko koloreek, ez.
Lagun-artea, asteburutako denbora pasa eta, aldi berean, terapia ere izaten da nire kasuan.
Astean zehar gertaturikoak partekatuz, barrenak ustuz, bizitzari aurre egiteko indarrak hartzen ditut.
Atzokoan bizitzako loturak izan genituen mintzagai. Lana, hipoteka, familia, dirua, bankuak, politika,... Haserako jarrera lasaiak, esku mugimendu bortitz, aurpegi gorritu, arnas faltaren ondorio, eta begirada interesdun bilakatu ziren. Konszientziatik inkonszientziara dagoen saltoa inkonszientea den einean, norberaren beldurrak, pozak, tristurak, indar guneak eta indar faltak nabarmen geratu ziren mahai gainean.
Ez genuen irtenbiderik topatu. Gure loturak egi direla ondorioztatu genuen. Lotura hauen inguruko erreflexioak, ordea, arritu gintuen. Zein erraz asimilatzen dugun "bizitza honetan tokatu zaigun papera".
Amaiera alderako erreflexioak mugitu gintuen gehien. Ea gure bizitzako beharrak aseta izango bagenitu lanera joango ote ginen, galdetu genion gure buruari.
Orduan hasi ginen amesten. Sortzen. Norberak umetatik zituen bete gabeko ametsak mahai gaineratu zituen. Gure arteko begiradek ilusioa transmititzen zuten, gure gorputzaren mugimenduak arinak ziren eta gure ahoak irrifarrea marrazten zuen.
Gero ohartu ginen ez genuela asko eskatzen. Gure oinarrizko beharrak asetu. Jan, edan, lo eta jendarteko harremanak.
Gure jendartean oinarrizko beharrak diruak erosten ditu eta dirua izateko lan egin behar. Paradojikoa da, ezta? Zoriontsu izateko dirua behar omen. Eta gero dirua zertan erabiltzen dugu? Ba oinarrizko beharrak asetzen. Erreflexionatu dezagun.

