lunes, 18 de enero de 2010

IRRISTADA.

Jar gaitezen gure bizitzaren eboluzioa aztertzen. Har dezagun garena helmugatzat. Jaio ginenetik gaur egunerako ibilian zerk bihurtu gaitu garena? Hizketan, oinez, entzuten, sentitzen, maitatzen, gorrotatzen ikasi dugu. Gure mugak zeintzuk diren proban jartzen ditugu etengabe. Ikasten duguna gurea da. Gurea soilik. Gure hizkera, ibilera, entzuteko gaitasuna, sentitzekoa, maitatzekoa,...Gurea. Norberak berea du. Esan daiteke, bizitzak moldatzen gaituen buztin puska batetik gatozela. Buztin jaio eta bizitzaren esperientziak forma(tzen) gaitu.
Moldatze prozesuan badira faseak, atalak, adinak, abiadurak. Moldatze prozesuak gora beheratsuak dira. Gora, behera, ezker, eskuin, alai, triste, haserre, eskuzabal, maitagarri, doakabe,... Helmuga bera da, ordea. Norberaren ezagutza. Zaldiaren gainean ibiltzearekin konpara daiteke gure bizimodua. Batetik, zaldiaren nahietara, gogoetara eramaten utzi gaitezke. Bestetik, zaldia guk nahi dugun bidetik eraman dezakegu. Bi faseak beharrezkoak dira pertsonaren eboluzioan.
Fase guztiek dituzte bere azpi-faseak. Fase guztietan dago kuriositatearen fasea, krisiaren fasea, barneratze fasea,... Ezin da helmugara heldu, aurretik pasa beharreko faseak sentitu eta bizi gabe. Ikaste prozesuak badu bere gestio prozesua. Eta ikasle bakoitzarengan ezberdina izan daiteke gestio prozesua, ikaste prozesua. Halere, badira amankomuneko elementuak.
Bizikletan erortzen ikasten dela esaten da. Ez ote dute gure ikasleek erortzeko, irristadarako eskubiderik? Ez ote da irristada irakasleok bereziki baloratu beharreko fase bat?
Diote komunikazioan isiltasuna altxorra dela. Ez hitza, baizik eta hitzik eza da komunikazioaren ardatzetako bat. Ikaste prozesuetan irristadaren gestioa da altxorra.
Pasadan ostegunean ikasle talde batek eski irteera antolatu zuen. Antolaketa beraien esku geratu zen. Gauza batzuk ongi atera ziren besteak ez horren ongi. Bainan hau nire balorazioa da. Ea antolatzaileek zer dioten.

No hay comentarios:

Publicar un comentario