martes, 7 de septiembre de 2010

Ongi etorri ikasturte berriari!

Amaitu dira oporrak!
Amaitu dira iratzargailurik gabeko gauak.
Ikasturte berria hasi dugu. Iazko urtea Irungo Plaiaundi Institutuan nengoen. Aurten, ordea, Lezora bidali naute.
Lezoko Institutua tamainaz txikia, izaeraz euskaldunagoa.
Ea zer dakarren ikasturte berriak. Nire asmoa da ikasturtean egiten dugun lanaren berri zabaltzea blogaren bidez.
Ikasturtean zehar biziko ditugunak konpartitzen saiatuko gara ni eta nire ikasle (irakasle) berriak.
Animo!

viernes, 7 de mayo de 2010

Egiten ikasi

Lagun batek bidali dit e-mail bat. Link bat zuen mezuak. Mezuak zioen link horrek zekarrena interesgarria irudituko zitzaidala. Ireki dut web orria eta New-York-eko eskola baten inguruko informazioa aurkitu dut. 6-12 urte bitarteko haurrekin egiten dute lan. Jolasa, aurkikuntza bidezko irakaskuntza, ikerkuntza, esperientzia lantzea dira eskola honen ardatzak. Orain arte ezagutzen genuen eskola tradizionalaren kondukzio bidezko irakaskuntza baztertzen du.
Azken batean, "Egiten ikasi" filosofian oinarritzen da. Hau da, kontzeptuak ikasteko ez dira memorizatu behar baizik eta bizi, sentitu, egin behar dira. Baten batek esango du, hori bai MODERNOA!
Eskola tradizionalaren inguruan hausnarketa sakon bat behar da. Urte gehiegi daramatzagu metodologia zaharkituarekin.
Globalizazioaren alde ona da, egun internet bidezko informazio trukatze ahalmena. Munduaren beste aldean gertatzen denaren berri daukagu instant batean.
Kuriosoa da hala ere, New-York-eko eskola "iraultzaileak" planteatzen duena gure aiton amonek aspaldian aplikatzen zuten metodoaren errepikapena besterik ez da. Egiten ikasi. Eta gure aiton-amonek nola ikasten zuten ba? Egiten.
Beraz, ez da horren modernoa New- York-eko eskolak planteatzen duena. Ez da modernoa bainan beharrezkoa bai.
Informazio gehiago: http://www.q2l.org/

lunes, 26 de abril de 2010

Euskal mendiak.

Oso interesgarria da ondorengo web orria. Euskal mendi gailurrak biltzen ditu. Edozein astebukaeran plan eder bat egiteko balio du. http://www.euskal-herria.org/

viernes, 23 de abril de 2010

Esgrima.


Dartagnan eta 3 mosketeroak, Errol flin edo Burt Lancaster.

Fortuna kirol taldeko kidea den Igor Otaegi etorri zitzaigun bisitan aurreko astelehenean.

Esgrimaren inguruko azalpenak eman zizkigun. Esgrimaren hastapenak. Erleen eztia biltzeko moduko trajeak jantzita eta eskuan floretea genuela ekin genion borrokaldiari.

Aurkaria ezpatarekin ikutu behar da gerritik gora. Ikutu ezkero puntua zuretzako da.

Kirol olinpikoa da esgrima.

Ordubeteko pelikula eskeini zigun Igorrek. Borrokaldiz borrokaldi izerditan amaitu genuen ordua. Ez zen inor zauritu eta guztiak izan ginen pelikularen protagonista. Guztiak izan ginen, Dartagnan, Errol Flinn eta Burt Lancaster.

Mila esker Igor.

miércoles, 17 de marzo de 2010

Aiako Harriak.




Martxoko egun eguzkitsuak lagundutako irteera izan da gaurkoa. Goizeko 6.30tan ilun eta hotz. Aiako harriak lotan zeuden oraindik. Eguzkia bazetorrela zioen Ekialdeko argitasun txikiak. Mapak, brujulak, hamaiketakorako ogia, sagardoa, ura, tortilak,... Guztia hartu eta Erlaitz mendiaren magalean dagoen gunera urbildu naiz.
2 ordu nituen, gehienez ere, orientazio proba prestatzeko. Eguzkiaren lehen printzak ezin gozatu aritu naiz. Score eta Orientazio proba klasikoa prest utzi eta 8.30tan jeitsi naiz ikasleengana. Bertan, autobusa hartu eta berriro gora, Erlaitzera.
9tan heldu gara Erlaitzen gainean dagoen aparkalekura. Ikasleei eguneko oharrak transmititu ondoren, mendian barneratu gara. Aiako Harrietako planoa eta ipar-horratza eskutan harturik talde txikitan banatu gara. Talde bakoitzak planoan markaturiko leku konkretu batetara heldu behar zuen.
Ondoren, bi lehiaketak egin ditugu.
Azkenik ongi merezitako hamaiketakoa.
13.30tan autobusean berriro ere Plaiaundira.

miércoles, 24 de febrero de 2010

Horrela bai!




Kobazulo batetik irten beste batean sartzeko.
Goizeko 9tan irten ginen Plaiaunditik 18 ikasle eta 2 irakasle.
Autobusean sartu orduko ohartu nintzen ikasleek ez zekitela oso ongi nora gindoazen. Listorretako inguruan dauden Aitzbitarteko kobazuloak ezagutzeko beharrezkoak diren jantziak ez baizeramatzaten. Txandalak beharrean galtza bakeroak, aldatzeko jantzirik ez.
Irteera batean bi alde egoten dira. Lehena, prestatutakoa. Bigarrena, prestatu gabea, inprobisazioari bide, aukera ematen diona. Irteera honek asko izan zuen bigarrenetik. Inprobisazioa, orain zer egin ziur ez jakitea, gauzak ongi edo oker aterako ote diren ez kontrolatzea,... Halere kasu hauetan oso garrantzitsua da konfidantza. Esperientziak eta egoten jakiteak ematen duen esperientzia.
Alde prestatuan, kubazuloetara bisita sartuko dut. Ainara eta Jabi-ri esker, Felix Ugarte espeleologia elkarteko kideak, Aitzbitartek gordetzen dituen sekretu batzuk ezagutu genituen. Oso jatorrak iruditu zitzaizkidan. Oso ibilbide didaktikoa eta atsegina prestatu zuten.
Alde ez prestatuari dagokionez, kobatik atera ondokoa aipatuko dut. Azkarregi irten ginen eta ia ordu t´erdi genuen autobusa iritsi aurretik. Inprobisatu. Eta orain zer? Perurena aldera oinez joatea erabaki genuen, ondoren bertan hamaiketakoa egiteko. Bidean, Mugaritz jatetxean sartu ginen, munduko 4. jatetxeriki hoberena omen, eta bertan Andoni Adurizen idazkariarekin hizketan aritu. Jatetxea erre berri denez, nahiko aztoratuak dabiltza azken aldian. Animoak eman genizkien. Azkenean, autobusa uste baino lehenago iritsi eta hamaiketakoa egitera joan ginen Perurena aurretik dagoen jatetxe batera. Txorizoa, odolkia, kroketak eta nola ez, sagardoa. Sagardoa ondoegi sartu zela uste det. Bueno, ba horixe. Inprobisazioak ere behar du tartea irteeretan. Inprobisazioak, ez-usteari ateak zabaltzen dizkio.
Mila esker, Ainara, Jabi, Maite, autobus gidari, jatetxeko langile eta irteeran partehartu duzuen ikasle guztiei. Plazer bat izan da.

jueves, 11 de febrero de 2010

Irakasleak bete beharrekoak.

Onar dezagun behingoz! Oso irakasle txarrak gara. Zer da gure egitekoa? Guk ikasitako edukiak ikasleei transmititu eta kitto! Asko hitzegingo nuke gai honetaz. Halere, ondorengo dokumentua interesgarria iruditzen zait. Pedagogia berri baten beharrean gaude. Nolakoa ordea? Ondorengo dokumentuak zenbait irizpide ematen ditu. Ados edo ez, hori eztabaidagarria da. Bainan, hain juistu, hori da behar duguna, EZTABAIDA. Zenbat urte daramagu hezkuntza sistema berdina aplikatuz, eduki berberak, metodologia berberak, irakasle eta ikasle harreman klasikoak,... Egungo hezkuntza sisteman eboluziorik izan bada, hori ikasgai artistikoetan izan da. Musika, plastika, gorputz hezkuntza,... Paradoxikoa da, hala ere, administrazioak ikasgai hauei dagozkien ordu gutxiak ere murriztu nahi dituela. Kontra, ikasgai klasikoek, matematikak eta hizkuntzak, administrazioaren begiratu ona jaso eta ordu gehiago behar dituztela ondorioztatu du.

miércoles, 3 de febrero de 2010

Bigarrena amaitu eta Hirugarrena hasi.


Bigarren ebaluaketak eman du eman beharrekoa. Batukada, Txuri-Urdinera eta eskiatzera irteerak, esgrima , Aerobik, Spinning, trinketea eta Squash-a izan dira bigarren ebaluaketan egin ditugun ekintzak. Honekin batera, talde bakoitzak bere blog propioa sortu du eta Bidasoako bailarako aisialdiaren gida egitearen ideia praktikara eramaten ari gara. Ikasleen aldetik balorazio positiboa izan da. Nire balorazioa aurrerago azalduko dut beste artikulu batean.
3. ebaluaketaren hotsak ere entzuten dira jadanik. Ebaluaketa honek bi zati ditu. Bata Aste santuko oporrak bitarte eta bestea kurtso amaierarte. Praktikan, 5 aste lehen zatiak, eta beste 5 aste bigarrenak.
3. ebaluaketa honen ardatzak honakoak dira:

1- Aisialdi aukerak ezagutzen jarraitu. 3. ebaluaketako plangintza osatu.
2- Blogari forma eman eta elikatzen jarraitu.
3- Hitza gaia emanda sorkuntza ariketa.
4- Laburmetraia. (talde batekin)

2. ebaluaketako nire balorazioa hurrengo komentarioan egingo dut.

domingo, 31 de enero de 2010

Lagun-artea.


Begiek, eskuek, aurpegiko koloreek,... bizitza propioa dute. Inkonszientziaren bizitza. Egiaren, gure barruko egiaren ispilu dira. Hitzek engainatu ahal gaituzte, bainan begiek, eskuek, aurpegiko koloreek, ez.
Lagun-artea, asteburutako denbora pasa eta, aldi berean, terapia ere izaten da nire kasuan.
Astean zehar gertaturikoak partekatuz, barrenak ustuz, bizitzari aurre egiteko indarrak hartzen ditut.
Atzokoan bizitzako loturak izan genituen mintzagai. Lana, hipoteka, familia, dirua, bankuak, politika,... Haserako jarrera lasaiak, esku mugimendu bortitz, aurpegi gorritu, arnas faltaren ondorio, eta begirada interesdun bilakatu ziren. Konszientziatik inkonszientziara dagoen saltoa inkonszientea den einean, norberaren beldurrak, pozak, tristurak, indar guneak eta indar faltak nabarmen geratu ziren mahai gainean.
Ez genuen irtenbiderik topatu. Gure loturak egi direla ondorioztatu genuen. Lotura hauen inguruko erreflexioak, ordea, arritu gintuen. Zein erraz asimilatzen dugun "bizitza honetan tokatu zaigun papera".
Amaiera alderako erreflexioak mugitu gintuen gehien. Ea gure bizitzako beharrak aseta izango bagenitu lanera joango ote ginen, galdetu genion gure buruari.
Orduan hasi ginen amesten. Sortzen. Norberak umetatik zituen bete gabeko ametsak mahai gaineratu zituen. Gure arteko begiradek ilusioa transmititzen zuten, gure gorputzaren mugimenduak arinak ziren eta gure ahoak irrifarrea marrazten zuen.
Gero ohartu ginen ez genuela asko eskatzen. Gure oinarrizko beharrak asetu. Jan, edan, lo eta jendarteko harremanak.
Gure jendartean oinarrizko beharrak diruak erosten ditu eta dirua izateko lan egin behar. Paradojikoa da, ezta? Zoriontsu izateko dirua behar omen. Eta gero dirua zertan erabiltzen dugu? Ba oinarrizko beharrak asetzen. Erreflexionatu dezagun.

sábado, 30 de enero de 2010

ADI! Olioa errepidean.


Kotxea hartu eta ohartzen zara errepideak seinalez beterik daudela. Abiadura mugak, STOP, kontuz,... Badira, errepideko seinaleez gain, egunero kotxea darabilgunok kontutan hartzen ditugun beste seinaleak, errepide bustia bada, lehen euri tantak badira, gure kotxearen ezaugarriak, gidatzeko abilezia,... Azken seinale hauek gure ikuspegitik eta gure buruaren ezagutzatik asko dute. Nolakoa izan, hala gidatu. Gure jendarte honetan ia guztiok gara autoa gidatzeko gai. Bakoitzak, ordea, autoa gidatzeko modu edo era ezberdin bat du. Seinaleak modu batera zein bestera identifikatzen ditugu, interpretatzen ditugu eta seinale horiei emandako erantzuna ere halakoa izaten da, modu batekoa zein bestekoa.
Ni hezkuntzaren unibertsoaren errepidetan noa nire autoarekin. Seinaleak interpretatzen eta erantzunak inprobisatzen.
Atzo errepide estu batean sartu nintzen, liburutegiko atera eraman ninduen. Bertako liburuzainak arazo bat zuela esan zidan. Ba omen du iloba bat, ikasketetan ez omen dena kontzentratzen eta aita oso kezkatua duena. Aita, dirudienez, ikasketa maila altua duen pertsona izaki bere semearen ibiliak ez du konbentzitzen. Ez da berak nahi duen bezelakoa. Ondorioz, mediku, terapia, pastilak eta abarretan omen dabil dirutza "inbertituz", semeak duen "arreta falta" konpondu nahian. Arreta falta arlo guztietan omen duen galdetu diot liburuzainari. Berak ezetz dio. Eskubaloian oso ona omen da eta lagun bezala ere oso preziatua, harremanetarako gaitasun handia omen du. Diagnostikoa arreta falta bada, ez al luke arreta falta hori bizitzako arlo guztietan erakutsi behar? Liburuzaina pentsakor geratu da. Halako batean ausartu naiz ilobak zenbat urte dituen galdetzera. Nik aurrikusten nuen DBHko ikasle izango zela gutxienez. Liburuzainak esan dit bere ilobak 10 urte dituela.
Nire autoa ezin gobernatu aritu naiz. Errepidea irristakor nabaritu dut eta autoak nire kontroletik ihes egin dit. Nola interpretatu errepideko seinale berri hau? Kotxea bezterreratu dut eta isilik egon naiz une batez. Gertaturikoa asimilatu nahian. Azkenean liburuzainari begiratu eta bi galdera egin dizkiot kotxearekin "largak" botako banizkio bezala.
Atsegin al duzu futbola? Ez erantzun dit liburuzainak.
Ui, ui, ui... Houston arazo bat dugu. Liburuzainari ez zaio futbola gustatzen. Anbulantzia bat mesedez!
10 urteko ume, gazte bat. Nora goaz? Arazoa umeak? Aitak maila altuko ikasketak izan bai, baina errepideko seinaleak interpretatzeko modu hori ez da nirea.

jueves, 21 de enero de 2010

Aldizkari bat.


La danza de la vida blogaren bidez ondorengo aldizkariarekin egin dut topo.
Erreportai eta elkarrizketa interesgarriak datoz bertan.

lunes, 18 de enero de 2010

IRRISTADA.

Jar gaitezen gure bizitzaren eboluzioa aztertzen. Har dezagun garena helmugatzat. Jaio ginenetik gaur egunerako ibilian zerk bihurtu gaitu garena? Hizketan, oinez, entzuten, sentitzen, maitatzen, gorrotatzen ikasi dugu. Gure mugak zeintzuk diren proban jartzen ditugu etengabe. Ikasten duguna gurea da. Gurea soilik. Gure hizkera, ibilera, entzuteko gaitasuna, sentitzekoa, maitatzekoa,...Gurea. Norberak berea du. Esan daiteke, bizitzak moldatzen gaituen buztin puska batetik gatozela. Buztin jaio eta bizitzaren esperientziak forma(tzen) gaitu.
Moldatze prozesuan badira faseak, atalak, adinak, abiadurak. Moldatze prozesuak gora beheratsuak dira. Gora, behera, ezker, eskuin, alai, triste, haserre, eskuzabal, maitagarri, doakabe,... Helmuga bera da, ordea. Norberaren ezagutza. Zaldiaren gainean ibiltzearekin konpara daiteke gure bizimodua. Batetik, zaldiaren nahietara, gogoetara eramaten utzi gaitezke. Bestetik, zaldia guk nahi dugun bidetik eraman dezakegu. Bi faseak beharrezkoak dira pertsonaren eboluzioan.
Fase guztiek dituzte bere azpi-faseak. Fase guztietan dago kuriositatearen fasea, krisiaren fasea, barneratze fasea,... Ezin da helmugara heldu, aurretik pasa beharreko faseak sentitu eta bizi gabe. Ikaste prozesuak badu bere gestio prozesua. Eta ikasle bakoitzarengan ezberdina izan daiteke gestio prozesua, ikaste prozesua. Halere, badira amankomuneko elementuak.
Bizikletan erortzen ikasten dela esaten da. Ez ote dute gure ikasleek erortzeko, irristadarako eskubiderik? Ez ote da irristada irakasleok bereziki baloratu beharreko fase bat?
Diote komunikazioan isiltasuna altxorra dela. Ez hitza, baizik eta hitzik eza da komunikazioaren ardatzetako bat. Ikaste prozesuetan irristadaren gestioa da altxorra.
Pasadan ostegunean ikasle talde batek eski irteera antolatu zuen. Antolaketa beraien esku geratu zen. Gauza batzuk ongi atera ziren besteak ez horren ongi. Bainan hau nire balorazioa da. Ea antolatzaileek zer dioten.

martes, 12 de enero de 2010

Gaur, Aerobik eta eskubaloia artalekun.

Bigarren ebaluaketako plangintzarekin aurrera goaz. Ikasleek proposatu eta antolatutakoaren arabera, gaurkoan , Artalekura joan gara. Ikasle talde batek Aerobikeko saioa izan duen bitartean beste taldeak Eskubaloiko partidua antolatu du.
Bigarren ebaluaketa honetan hiru ikuspegi lantzea erabaki dugu.
1- ekinzten plangintzarekin aurrera jarraitzea.
2- Ekintzak barne hartuko duen bloga sortzea. (ikasle talde bakoitzak blog bat)
3- Sorkuntza aktibitatea. Ikasle bakoitzak hitz baten inguruko sorkuntza lan bat burutuko du. Ekintza honen aukezpena, hala ere, 3. ebaluaketan egingo dugu.

viernes, 8 de enero de 2010

Nola dagoen mundua...

Gu irakasleak gara. Sistema baten parte ere bagara. ikasle kritikoak bihurtzea omen da irakaskuntzaren oinarrietako bat.Gure ingurua aztertu eta konklusio pertsonalak atera.
Ea ba ondorengo bideoak zerbait laguntzen duen egungo munduaren egoera ulertzen.
Luze xamarra da bideoa, bainan merezi du.
Bideoaren izena: “Zeitgeist addendum”

Urte berria. Ilusio berriak.

Hasi dugu 2010.urtea. Urte borobila izaki emaitzak ere borobilak espero ditugu.
Aurrera goaz gure plangintzarekin. Bigarren ebaluaketa honetan ikas-talde bakoitzak bere blog propioa sortuko du. Klasean egiten dugun lanaren ispilu bihurtuko da blog bakoitza. Blogean adieraziko da ekintza antolatzeko prozesua, ekintza bera nola atera den eta ekintzaren inguruko balorazioa. Bestetik, ekintzaren inguruan informazio gehiago lortzeko asmoa duenarentzat loturak proposatuko ditugu.
Azken helburua da Bidasoa bailararentzat aisialdia gida bat osatzea.
Bide horretan goaz pausoz-pauso.